XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

JUAN ANDRES: Bai. Hil honetan ez bada hurrengoan banoa ni hortik zehar, hemen baino irabazpide hobea aurkituko dut eta.

Jan nahikoa, hori bai, ondo bete arte, baina lo egiten hasi orduko berriz lanera, nekatu arren, iluntzeraino. Zerbait afaldu eta ohera... Eta hurrengo egunean berdin, egun dena zelaian, eta hurrengoan!... Ez da erraza gure bizimodua, ez!

JUAN ANDRES: Eta hori gari denborakua. Ez da asko hobea karobiko lana, gau eta egun karobi aurrean, su garretan, ke minetan, gorri gorri... Lan gogorregia da hori kare apurra hartzeko!

JOANES: Bizi guztian horrela ibili gaituk ba, zahartzarora osasun ederraz ailegatuz.

JOXE RAMON: Bai, zuk adina urte hartzea ez litzateke gaizki.

INAZIO MARI: Ez horrela bizita behintzat... Bizimodu erosoagoa behar du kristauak ondo ibiltzeko. Eta buruarekin jokatuz gero, amorratuta lanean ibilita baino diru gehiago irabazi.

JOANES: Ez dituk bide onean irabazitakoak izango hain errazak badira.

INAZIO MARI: Bide onean, bide onean... Errazagoan behintzat bai!

JUAN ANDRES: Ni ere Iñazio Marirekin nago gehienbat. Neri ez dit ardura egun dena burua jaso gabe lana egiteak, ez nago erraztasunari begira baina bai ondo irabazteari. Badaude hor eta hemen banaka batzuk argi jokatu eta aberastu direnak... Haiek aberastu badira, zergatik ez neu? Beti larri antzean ibili beharrean ez zen ba gaizki egongo dirua irabaztea, lana gogor eginda egin behar bada, baina ondo irabazita eta ez hemengo moduan... Baserriko etorkizuna jakina eta ezaguna da!

JOANES: Eta txarra delakotan hago?

JUAN ANDRES: Ez dut nik hori esan, baina hor nonbait egongo dira hobeak eta aurkitu behar ditut ba!

JOANES: Etxetik kanpora?